Errotxapeako zuhaitzak. Errotazar
Recorrido: Kaputxinoen komentutik - Runa parkerainoa
Autor: Rey Bacaicoa, Félix
27/04/2005
29/06/2005
Mapa de la ruta
Descripción general de la ruta
Hemen azaltzen den ibilbidea oso ohikoa da Errotxapea eta ondoko auzoetako lagunentzat: Kaputxinoen komentutik Runa Parkeraino doan espaloitik ibiltzea. Proposamena bide honetan naturari erreparatzea da, dauden zuhaitzei hain zuzen; trafikoaren kexka baztertuta, eguneroko beste kexkak ere baztertzea eta beti zeozer interesgarria eta edertasun irudiak eskaintzen dizkiguten izaki hauei, landareei, gure begirada zuzentzea.
Ruta paso a paso
Kaputxinosen has gaitezke ibilbide honekin. Gure Errotxapeako ate bat. Bertan errotonda bat eraiki dute eta landare interesgarriak jartzeko aprobetxatu dute. Guztiak hirunaka: altuenak ehiar frantsesak dira (Acer monspessulanum), gure mendietan zonalde hezeetan hazten direnak, Kaputxinosera begira hiru kaki (Diospyros kaki), neguan fruitu laranjak erakusten dituztenak, goxoak, ez baditugu guk jaten txoriek gustura disfrutatzen dituztenak. Marzelo Zelaieta etorbidera begira hiru mizpirondo (Mespilus germanica), ekainean fruitu goxoak ere ematen dituztenak. Antsoain eta mendira begira beste hiru zuhaitz txiki, exotikoenak; azerola gorriak (Crataegus mollis), hauek ere sagar itxurako fruitu txiki goxoak sortzen dituzte. Pena dauden lekuan oso kutsatuta egoten direla, trafikoaren kea dela eta.
Irudi goxoa osatzeko arrosak, hiru multzo.
Kaputxinosen espaloian albo ilarak daude (Platanus hybrida), enborrak deskamatzen direnak, beren hosto handi eta ugariei esker itzal ederra ematen dutenak. Has gaitezen ibai bazterrerantz abiatzen.
Zuhaitz espezie batzuk ibilbide osoan aurkituko ditugu sakabanaturik, lehenengoak zumarrak (Ulmus minor) dira, ubide baten gainean eta inguruan nagusitu dira beren hosto zerratuekin.
Banku pare batera iritsi baino lehen ibilbideko leku askotan lagun izango dugun beste zuhaitz bat, robinia, edo ‘arkazia faltsua’ (Robinia pseudoacacia), hosto konposatuak, hostotxo eliptikoak, ertz zuzena eta adarretan arantza txikiak binaka. Diotenez zuhaitz honek eman zion garai batean auzoari izena eman: ‘arkazien auzoa’. Beren loreak jan daitezke, batzuek ‘pan y chichi’ deitzen dietelarik.
Banku haietan gaudela, eskuinean, landatu berria, sagarrondo bat dugu, gaztea. Momentuz sagardo gutxi aterako dugu bere sagarrekin.
Espaloian aurrera jarraituko dugu, zumarrak, robiniak, eta beste aldeko 29 zenbakiko ataria atzean utzi dugula zuhaitz txiki eta zuhaiska formako landare berria ikusiko dugu, elorrioa (Crataegus monogyna), hostoak sakon lobulatuak, udaberrian lore zuriz gainezka agertzen direnak, udazkena aldera fruitu gorri txikiak: ‘manzanicas de pastor’ izena hartzen dutena.
Espaloiaren ondoan zuhaitz-zuhaixka multzo handi batera iristen gara, bertan intsusa (Sambucus nigra), enbor mehe asko dituen zuhaixka handi eta borobila, lore zuriak, gero fruitu beltzak multzoka ateratzen dituena.
Errotazar 23, lehenengo astigar zuriak (Acer pseudoplatanus), gero bidean pilo bat ikusiko dugu, hostoak palmatuak, alboenak bezalakoak, fruituak ‘helikopteroak’ deitzen genituen horietakoak, samara hegalariak, multzo zintzilikari ugarietan. Zuhaitz sendo eta altuak osatzen dituzte.
Bidea aurrera, zuhaitz gehienak orain arte azaldutakoak dira, bigarren sagarrondo bat ere agertzen delarik.
Eskuinean dauden eskailera batzuk atzean utzi ditugunean espazio berezi batera iristen gara, hau lau zuhaitz altu eta sendok osatzen dute, alboak dira, Kaputxinos ondoan zeudenak bezalakoak. Hauek, berriz, zaharragoak dira, XIX.garren mende bukaeran landatu zituzten, mendea baino gehiago dute enbor bakoitzean.
Intsusa, zumarrak, astigar zuriak eta Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Etxearen aurrean, ibai ondoan, hemendik aurrera asko ikusiko dugun beste zuhaitz bat, lizarra, hosto konposatu fin eta zorrotzak dituena, oso gustukoak ditu ibai bazterrak, herrietan hazienda dutenek landatzen ohi dituzte bazka ezin gozoagoa omen delako animalientzat; gainera oso makila onak, zuzenak, sortzen ditu.
Orain arte aipatu ez ditugun zuhaixka batzuk ikusteko aukera izan dugu, Errotazar kalean dauden kontenedore batzuen aurrean zuhaitza hauek altuxeagoak dira, udaberrian eder loratzen dira, hosto bakanak dituzte, modu finean zerratuak, aranondoak dira (Prunus domestica), duela hamarkada batzuk modu sakabanatuan landatu zituztenak.
Eta ugaria den zuhaitz bat aipatzeke baldin bazegoen makala da (Populus nigra), Antsoaingo errepidearen parera iritsi baino lehen gure ondoan sortzen direnak. Zuhaitz hauek altuera handia hartzen dute, erronbo formako hostoak, enbor arrakalatuak, oso gustukoa dute ibai ertzetan haztea.
Ibilbidea monasterio zaharrera iritsi da, banku batzuen atzean, intsusa eta astigar zuri baten artean aranondo eder bat dugu, orain arte ikusitakoak baino askoz zaharragoa, uda hasieran aranondoz janzten dena.
Hemendik metro batzuetara, espaloi ondoan, bere adarren azpitik pasatu behar dugula, lizar eder bat, enborra behetik bitan banatzen dena. Benetan ederra.
Aurrera jarraitzen dugu, presa ikusgai daukagu, monasterioa pasatzen bukatzen ari garela ibai bazterrak maite dituen beste zuhaitz bat dugu, haltza (Alnus glutinosa), hostoak erdi borobilak, ondulatuak, amentoak udaberrian eta fruituak gero zintzilik erakusten dituena. Bereziak fruituak, egurrezkoak, txikiak, pinaburu borobil itxura dute.
Lizarrak, astigar zuriak, zumarrak, presaren parean ari gara pasatzen. Geroago eta elorrio polit bat gainditu eta gero albo zentenario batzuetara iristen gara berriro aurrekoen garaikoak. Zumarrak, haien azpian miniaturak direla ematen du.
Espaloiaren hesia bukatu baino lehen lizar batzuk eta ‘faroa’ deitzen diogun eraikinaren aurrean astigar zuri bat espaloiaren erdian ederra geratzen dena. Beraren aurrean, errotondan bertan, arteak (Quercus ilex). Ez dira zuhaitz exotikoak, oso etxekoak baizik, eta ongi erakusten dute nortasun nahikoa dutela espazioa betetzeko eta edertzeko.
180
140
180
140